Kaixo guztioi, hemen gaituzue berriro!!

 

Dakizuenez, 2011ko uztailean Garmitxa jaio zenetik plastikozko tapoiak biltzen ari gara, gure tapoi solidarioak!

 

2012ko urriaren 1erarte tapoi tona bakoitzeko 300€ ematen ziguten, eta data horretatik aurrera 200€ tona bakoitzeko.

 

Helburua, ikerketarako bide bat zabaldu eta diruz laguntzea da, eta, horretarako nahikoa osatu ez dugun arren, bide horretan abiatzen hasteko behintzat bildu dugu. 2013ko ekainean mediku talde batek azterketa bat abiatu zuen, balizko mutazio edo genetika-alterazioak identifikatzeko asmoarekin. Egitasmo hau eta sortuko diren besteak ere diruz lagundu nahi ditugu.

 

Denbora honetan tapoiak batzen ibili gara, pozik gainera, zuri eta zu bezala Garmitxarekin elkarlanean ibili zaretenei esker. Tapoiak hainbat denda, taberna, eskola, hotel, gasolindegi, lantegi, ospital, eta abarretatik jaso ditugu, senide, lagun eta lankideen laguntzarekin. Ezagutzen ez ditugun lagunak ere izan ditugu lan honetan adiskide. Azpiegitura harrigaria sortu da tapoi bilketaren inguruan, familia osoak mobilizatzeraino!

 

Gure lana, baina, ez da hor amaitzen. Tapoi-poltsak edo kutxak (gero eta ugariagoak) denda, eskola edo lantegietatik hartu ondoren, biltegirako utzi diguten lursail partikular batera eraman eta bertan,  batzuek jada ezagutzen dituzuen “tapoi-bilketa” ospetsu horiek egiten ditugu, badakizue, tapoiak poltsa txikietatik edukiontzi handi batera hustu. 2012ko urtarrilerarte zaku handi batzuetara husten genituen eta data horretatik aurrera 4000Kg ingurukoko tapoi-bolumena duen edukiontzi batera.

 

Bolumenaz jabetu zaitezten, hona hemen zenbait datu: 2011n 5 zaku-aldi izan ziren (92 zaku guztira), 2012an 21 edukiontzi bete genituen, eta 2013an 24 bete dira. “Tapoi-bilketa” batzuetan ez dugu edukiontzia betetzea lortu, hurbildu den lagun kopuruaren araberakoa izan baita hori.

 

Denbora aurrera joan ahala, tapoien inguruko lana gehiegizkoa bilakatu zaigu: egunero-egunero tapoien bila denda, eskola edo lantegi jakinetara joateari, eta asteburuetako “tapoi-bilketa” horiei, gehitu zaie aparteko lekuetara ere joan beharra (gero eta sarriagotan deitzen digute, ezezagunek, tapoiak dituztela pilatuta eta bila joateko eskatuz). Horretaz gain, gure lana (ogibide duguna), umeak, hauen anai-arrebak, lagunak, … azkenaldian gure bizimoduak badirudi ez duela jarraibiderik tapoien inguruan ez bada, … eta uztea erabaki dugu. Muga batera iritsi gara eta ezinezkoa bilakatu zaigu jarraitzea.

 

Eskertzekoa da oso bide honetan lagun izan zaituztegunen ahalegina, hori ere egin nahi dugu idatzi honen bitartez. Ahalegin hori izan ez bagenu, gaurko egunera ezin izango ginen iritsi.

 

2014ko martxoaren 31n amaitutzat emango dugu kanpaina. Orduan informazioa eman ahal izango dizuegu, guztira zenbat kilo tapoi bildu ditugun eta zenbat diru osatu dugunari buruz.

 

Behin eta berriz eskerrak eman behar dizkizuegu, eta jakizue, guretzat, kanpaina honen gauzarik aberasgarriena ez dela osatu dugun dirua izan, bidean ezagutu ditugun lagunak baizik. Txundituta, liluratuta utzi gaituzue, hurbiletik eta ez hain hurbiletik tapoiak eta elkartasuna bidali dizkiguzuenean: Aviles, Bartzelona, Burgos, Castro-Urdiales, Cubelles, Donostia, Galizia, Guadalajara, Jaen, Les, Luanco, Madril, Orio, Palentzia, Valladolid, Villasana de Mena, Zamora, Zaragoza Zarautz, Zumaia, … leku guzti hauetatik iritsi zaizkigu tapoi eta animoak.

 

Ohar berezi bat gure bilketa-lekuetako arduradunei, hutsegite bat izan dugunean erakutsi diguzuen pazientzia, maitasun, laguntza eta guztiagatik!!

 

Badakizue gure web orrian www.garmitxa.org, Facebooken eta Twitterren gure berri izango duzuela, Garmitxak aurrera jarraitzen baitu, ilusio eta helburu berdinekin.

 

 

GARMITXA

 

 

 

Larrabetzu, 2014ko urtarrilaren 27an